Non:

Sarritan egin diren galderak

Deskargatu edukia DPFn
[PDF - 30.47 Kb]
  • Zer ikastetxek parte har dezake programa honetan?
  • Artea ikasbide programan Irakaskuntza Publikoko Lehen Hezkuntzako ikastetxeek parte har dezakete, EAEko hiru hizkuntza-ereduetakoek.
  • Eduki behar al ditugu proiektu bakoitzean zehazten diren material guztiak eta urrats guztiei jarraitu Unitate Didaktikoa behar bezala burutzeko?
  • Jarduera behar bezala egiteko ez da ezinbestekoa material guztiak eskueran izatea, ezta urrats guztiei bete-betean jarraitzea ere. Proiektu bakoitzak material batzuk eta jarraitzeko diren urrats batzuk iradokitzen ditu, egiteko modu baten adibide gisa. Jarduera hauen asmoa irekiak eta moldaerrazak izatea da eta, beraz, ikasleen eta ikastetxe bakoitzaren premien eta egoeren arabera egokitu eta alda daitezke.
  • Burutu al daiteke programa denbora laburrago batean?
  • Programak 20 aste irauten ditu, eta astean behin aurrera eramaten da ikastetxeetan, ordu eta erdiko saioetan. Iraunaldi hau da egokientzat jotzen dena programa ondo garatu ahal izateko. Dena den, web-aren bidez jardueretara heltzeak aukera ematen die irakasleei haien ustez egokien iruditzen zaien denborara proiektuak egokitzeko, behar duten curriculum-arloa sendotuz.
  • Nola indartu dezaket nire ikasleen sormena?
  • Artelanen irudiak erakusteak eta horien inguruan eztabaidak antolatzeak perspektiba berriak eta ikusteko modu originalak eskaini ditzakete, sortze-lanaren aurretik ikasleentzat lagungarri izan daitezkeenak. Gainera, garrantzizkoa da proiektuak jarrera irekia erakutsiz planteatzea, zure ikasleek sortu nahi duten lanari buruzko erabakiak euren kasa har ditzaten. Norberak gogoeta egitea eta erabakiak hartzea sortze-prozesuan zehar indartu daitezkeen gaitasunak dira. Horretarako, eskatu ikasleei lanari ekin aurretik hasieran izan dituzten ideiak idazteko edo bozetoak marrazteko, edo amaieran euren pentsamenduak idazteko.
  • Zenbateraino da eraginkorra programa hau eskola-curriculumari ondo jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleentzat?
  • Ziurtatu ahal izan denez, tailer hauek oso eraginkorrak dira curriculumaren arloak sendotzeko eta irakurmena, idazmena eta hizkuntza garatzeko, ikasleen autoestimua eta garapen pertsonala areagotzen eta, aldi berean, euren eta besteen lanaren aurrean errespetu handiagoa izaten lagunduz. Ikasleek jarduera artistikoen bidez errazago ikasten dutela kontuan hartuta, tailer hauek oso eraginkorrak dira metodo tradizionalei jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleentzat. Artea ikasbide programaren helburua baita artea aurkitu, arakatu eta ikasteko tresna bihurtzea, eta ez bakarrik curriculuma osatzen duten ikasgaiak baizik eta txikiei etorkizunean heltzen eta gizartean garatzen lagunduko dieten balio ugari ere.
  • Nola motibatu ditzaket nire ikasleak proiektu hauek aurrera eramateko?
  • Garrantzizkoa da ikasleei gogoan sartzea eurek ere artista izan daitezkeela eta egiten ari direna artea dela. Ikasturte bakoitzaren amaieran, Artea ikasbide Guggenheim Bilbao Museoan egiten den erakusketa batekin amaitzen da, programan parte hartu duten ikasleek sortutako artelan sorta bat ikusgai jarriz. Ekimen honek, ikasleentzako pizgarri izateaz gainera, harro sentiarazten ditu, euren obrak Museora datozenek miresten dituztela ikustean. Zuk ere proposatu dezakezu egin dituzten lanen erakusketa bat ikastetxearen lekuren batean egitea, edo zuen herri edo hiriko kultu etxean erakusketa txiki bat antolatzea!
  • Nola egokitu ditzaket fitxa hauek eskola-curriculumera?
  • Jarduera bakoitzak eskola-curriculumaren arlo zehatz batekin zerikusia du baita loturiko hainbat gairekin ere. Informazio hori fitxa bakoitzean zehazten da. Proiektu batzuk curriculumaren oso arlo jakinetan oinarrituta daude, Matematikan edo Fisikan adibidez, baina badira beste asko gai desberdinetara egokitu daitezkeenak eta curriculumaren arlo desberdinekin lotu daitezkeenak. Gainera, jarduerak teknika artistiko desberdinen bidez garatzen dira, eta irakasle bakoitzak dituen ikasleak kontuan hartuta ondoen egokitzen dena landu dezake gehienbat.
  • Zenbat denbora behar da jarduera bat burutzeko?
  • Programaren proiektuak astean behin eramaten dira aurrera ikastetxeetan, ordu eta erdiko saioetan. Ikasturtean zehar 20 saio izaten dira. Gomendatzen dena zera da, saio bakoitza etenik gabe egitea, hau da, ordu eta erdian segidan, ikasleak jardueran zentratu eta patxadan egin dezaten. Jarduera guztiak burutzeko behar diren saioen kopurua talde bakoitzak dituen helburuen eta duen denboraren arabera aldatuko da. Programak planteatzen dituen jarduerak mundura hurbiltzeko eta mundua ezagutzeko modu bat izateko pentsatuta daude eta, zehazki, gure gertuko ingurunea ezagutzeko. Beraz, komeni da ikasleei ohartaraztea jarduera artistiko bat ez dela inoiz amaitzen edo eteten, artista uneoro baitago adi sortze-lanean lagundu ahal izango dion eguneroko bizitzaren edozein estimuluren aurrean.
  • Parte hartu al dezakete EAEtik kanpoko ikastetxeek?
  • Artea ikasbide programa Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoen premia eta interesetara egokituta dago. Web-orri honen asmoa hauxe da, programa ezagutzera eman eta hedarazteaz gainera, programa honetara heltzen ez diren ikastetxe guztiek, EAEkoak ez direlako edo beste edozein arrazoirengatik, proiektuak erabili ahal izatea eta era autonomo eta aberasgarri batez ikasgelan planteatzea.
  • Egokitu al daitezke proiektuak Bigarren Hezkuntzara?
  • Aurkeztutako proiektuak Lehen Hezkuntzan aurrera eraman dira. Hala ere, jarduera bakoitza irekia eta moldagarria izateko taxututa dago, nahi izanez gero Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko eskola-curriculumera egokitu ahal izateko.