Non:

Kultur trukeak

1999az geroztik, Artea ikasbide programak arte-hezkuntzaren bidez kultur trukean aritzeko aukera eman die parte hartzen duten ikasle, artista eta irakasleei Lehen Hezkuntzako Euskal Herriko ikastetxeen eta munduko beste leku batzuetako ikastetxeen artean, New York edo Mexiko DFkoak,

besteren artean. Helburua hauxe da, proiektu artistikoak partekatzea, beste errealitate batzuk ezagutzea eta harremanak bultzatzea.

  • 2010/11

    2010/11

    Ikasturte guztietan, Lehen Hezkuntzako bi ikastetxe publiko, bata Euskal Herrikoa eta New Yorkekoa bestea, harremanetan jartzen dira. Biek esku hartzen dute Artea ikasbide programan, dagokien Guggenheim Museoan. 2010-11 ikasturtean elkar ezagutu zuten, Internet bidez, Pío Baroja ikastetxeko 4. mailako ikasle talde bat eta Shuang Wen-eko 3. mailako bat. Hala, ikasleek milaka kilometrora dagoen inguru bateko bizimodua ezagutu zuten: New Yorkeko Chinatown eta Bilboko Txurdinaga. Bi taldeek parte hartu zuten euren hirien eraikinei eta leku jakinei buruzko tailerretan, bertako artistekin batera: Bilbon, Elssie Ansareorekin lan egin zuten eta New Yorken, Jeff Hopkins-ekin. Gainera, harremanetan egon ziren posta elektroniko bidez eta hartu-eman hori poztasun iturri bihurtu zen, baita hezkuntzarako eta kulturarako aberastasun tresna ere, ikasleentzat zein irakasleentzat —Isabel Ruiz eta Elsa Chen-. Haien komunitateetako ohiturei buruzko testuak eta argazkiak elkartrukatu zituzten, adibidez, inauteriei eta ilargi-urte txinatarrari buruzkoak, baita euren jakirik eta kirolik gogokoenei buruzkoak. Horri esker, hitzak ikasi zituzten txineraz eta euskaraz, eta ingelesaren erabilera indartu zuten modu jostagarrian eta praktikoan. Horrez gain, parkeetako, kirol estadioetako, zeru-harraskarietako eta museoetako argazkien bidez, besteen hiria ezagutu ahal izan zuten adin bereko beste ikasle batzuen ikuspegitik. Galdera bitxiak etorri zitzaizkien burura; adibidez, Askatasunaren Estatua eta Puppy nola dauden eginda. Euren komunitate eta hirietako ezaugarriak eta nortasun zeinuak aztertu ostean, taldeek euren lanetan sartu zituzten beste taldearen ekarpenak, eta ondoren talde batek besteari aurkeztu zion haren arte-proiektua. Elkarri argazkiak eta testuak bidali zizkieten. Proiektuetako gaiak Ingurunearen Ezaguerari, Gaztelania eta Literaturari eta Ingelesari lotuta zeuden. Elkartrukaketaren emaitzak Solomon R. Guggenheimeko A Year with Children eta Bilboko Guggenheim Museoko Artea ikasbide erakusketetan ikusgai jartzen dira urtero.

  • 2009/10

    2009/10

    2009-2010 ikasturtean, bi ikasgela -bata Zestoako (Gipuzkoa) Arroa LHIkoa eta bestea Bronx-eko (New York) PS 86koa- aritu izan dira gutunak, mezu elektronikoak, marrazkiak eta argazkiak trukatzen Internet bidez. Idatzi eta irudi horietan, haien proiektuak, bizimoduak eta bizi diren leku bakoitzaren ezaugarriak alderatu dituzte ikasleek. Helburuetako bat hauxe zen, munduko beste herri eta hiri batzuekiko jakin-mina piztea eta New Yorkeko eta Arroako bizimoduen artean dauden antzekotasunak eta desberdintasunak adieraztea. Konparazioa oso adierazgarria da, guztiz kontrako bi herrigune izan baitira: alde batetik, Arroa Behea, Zestoako auzo txiki bat, 350 bat biztanle eta "Eskola Txikia" dituena -bertan, adin desberdinetako 19 haur daude guztira-; bestetik, New York hiria, bere bost udal-barrutietan mila ikastetxe publiko baino gehiago dituena.
    Jarduera hauek tokiko bi artistek zuzendu zituzten, Iñaki Graceneak eta Kate Bairdek, Arroan eta New Yorken hurrenez hurren, Arroako ikastetxeko Arantza Irueta eta Jone Carbonell irakasleen, eta New Yorkeko ikastetxeko Deborah Sach irakaslearen laguntzarekin. Euren ikastetxeen eta komunitateen arteko aldeak aztertu ondoren, haurrek euren inguruneak irudikatu zituzten, toki bakoitzeko ezaugarri bereziak nabarmenduz eta bi kokapenak elkarri lotzen zituztenak bilatuz; hala, herri bateko eta besteko hiri-lurraldearen erabileran antzekotasunak eta desberdintasunak zehaztu zituzten. Proiektuaren gaiek lotura zuzena izan dute Ingurunearen ezagutza, Hizkuntza eta literatura, eta Ingelesa curriculum arloekin.

  • 2008/09

    2008/09

    Lehen Hezkuntzako 5. mailako bi ikasgelak —bata Santurtziko (Bizkaia) Las Viñas HIkoa eta bestea Queens-eko (New York) P.S. 88koa— euren sortzaile esperientziak partekatu zituzten. Ikasturte osoan zehar gutunak, mezu elektronikoak, informazioa eta argazkiak trukatu zituzten Internet bidez, ideiak, kezkak eta sortze prozesuak elkarri adierazten dizkieten artistak balira bezala. Tokiko bi artistak zuzendu zituzten tailerrak —Jon Mantzisidor Bizkaian eta Ascha Kells Drake New Yorken— ikastetxeetako irakasleen laguntzarekin —Zuberoa Arteaga eta Soriartze Padilla Bizkaian eta Debbie Zakarian eta Tom Brunhuber New Yorken—. Hauxe zen proiektuaren helburua, artearen eta teknologia berrien bidez ikasleek euren proiektuak alderatzea, baita euren bizimoduak eta leku bakoitzeko ezaugarriak ere. Proiektuaren gaiak zuzenean lotuta zeuden Ingurunearen Ezaguera, Hizkuntza eta Literatura, eta Ingelesa curriculum arloekin.

  • 2007/08

    2007/08

    Guggenheim Bilbao Museoaren egitarauaren barruan 2007-2008 ikasturtean zehar egindako bost artelan aukeratzen dira eta Solomon R. Guggenheim-eko webgunean jartzen dira. Horrela, argazki eta azalpen testuen bidez, San Ignacio, Zaldibar, San Prudencio, Karmelo eta Katalin Erauso ikastetxeen lanen berri emago da. Bilbon, aldiz, Istoriak mugimenduan ordenagailu bidezko animazio proiektuaren kopia bat emango dute. Film hori Bronx-eko PS 86 ikastetxeko 6.mailako ikasleek sortu zuten Jeff Hopkins artistaren laguntzaz eta Greziako eta Erromako mitoak izan zituzten inspirazio iturri; film laburretan, stop-motion teknikari esker, bizitza eman zieten ikatz-ziriez egindako marrazkiei eta buztinezko iruditxoei.

  1. aurrekoa
  2. 1
  3. 2
  4. 3
  5. hurrengoa