Artea ikasbide, 2015

2015ko ekainaren 23a - 2015ko irailaren 20a

Parte Hartzaileak

Artistas - LTA -2015
Ainhoa Ortells, Jorge Rubio, Naia del Castillo, Maider López, Iñaki Gracenea, Elssie Ansareo

IKASTETXEAK

Bilboko Otxarkoaga LHIko 2. mailako 20 ikasle.
Irakasleak: Begoña Larrinaga eta Aroa Goiri.
Artista: Elssie Ansareo.
“Arte asko egitea gustatu zait, Elssierekin gauzak egitea oso atsegina da.”

Otxarkoaga ikastetxeko ikasleak

Bilboko Birjinetxe LHIko 2. eta 3. mailako 20 ikasle.
Irakaslea: María Jesús Martínez.
Artista: Naia del Castillo.

“Material desberdinez gauzak egiten ikasi dugu. Guztion artean, arrautza handi bat eta animalia ugari egin ditugu. Ikasi dugu guztion artean lan eginez eta elkar lagunduz gauza politagoak ateratzen direla. Gure akatsetatik ikasi dugu, eta konturatu gara inozokeriak egitean gauzak gaizki ateratzen direla eta lan guztia hondatu daitekeela. Oso atsegina da Naiarekin lan egitea, oso ondo pasatzen baitugu.”

Birjinetxe ikastetxeko ikasleak

“Ilusio handiz eta proiektua ezagutzeko gogo handiz hasi ginen, ideiak oso argi ez genituen arren. Gure asmoa zen taldearen kohesioa proiektu komun baten bidez lantzea. Hainbat saiotan, eskola-umeek proiektuan interesa agertu dute, baita gogo biziz parte hartu ere proposatutako jardueretan. Prozesuan barrena, ikasleak harro agertu dira”.

Birjinetxe ikastetxeko irakasleak

 

Sestaoko Kueto LHIko 5. mailako 30 ikasle.
Irakasleak: Luján Mejías eta Desirée Fernández.
Artista: Jorge Rubio.
“Oso polita izan da museora joatea, gure ikasleek asko ikasi dute eta hasi dira baloratzen arte lanak. Oso gustura egon gara eta esperientzia polita izan dela pentsatzen dugu”.

Kueto ikastetxeko irakasleak

Eibarko Arrateko Andramari LHIko 4. mailako 25 ikasle.
Irakaslea: Maite Rescalvo.
Artista: Maider López.
“Oso gustura egon gara Maider Lópezekin. Esperientzia hau errepikatzea gustatuko litzaiguke”.

Eibarko Arrateko Andramari LHIko ikasleak

Oiongo Ramiro de Maeztu LHIko 6. mailako 29 ikasle.
Irakasleak: Iñigo Beristain, Diana Oleagotia eta Myriam Ruiz.
Artista: Iñaki Gracenea.
“Niri Guggenheim Bilbao Museora joatea eta igeltsuzko harri batzuk egitea gustatu zaizkit gehien. Lehenengoa txarto atera zitzaidan, bigarrena ere bai eta, azkenean, hirugarrena zoragarri, adiskide batekin egin nuelako. Une horretan, beste 50 ere egingo nituen; izugarri gustuko dut”.

Ramiro de Maeztu ikastetxeko ikaslea

“Esperientzia oso ona izan da. Gure kasuan, hizkuntza-eredu desberdinetako ikasleek elkarrekin bizi eta lan egin dute proiektua burura eramateko. Programa honetan, nire iritziz, oso ondo laburbiltzen da Eskolak zer beharko lukeen: erronkaz eta esperientzia dibertigarriz eta interesgarriz betetako tokia, gizarte-kohesioan laguntzeko, baita kezkak dauzkaten pertsonak prestatzeko ere, berdinagoak, libreagoak eta kritikoagoak”.

Ramiro de Maeztu ikastetxeko irakaslea

Laudioko Lamuza LHIko 1. mailako 20 ikasle.
Irakaslea: Itxaso Betes.
Artista: Ainhoa Ortells.
“Oso-oso polita izan da dena. Museora joan ginenean lan politak eta bereziak ikusi genituen, interesgarria izan zen. Eskolan arropak egin eta apaindu ditugunean ederto pasatu dugu”.

Laudioko Lamuza ikastetxeko ikasleak

“Esperientzia aberasgarria izan da. Edukiak lantzeko oso modu atsegina egin zaie umeei eta horregatik guztiz motibatuta aritu dira. Gainera denek sentitu dute gai direla gauza politak egiteko (artistaren jarrera oso inportantea izan da) eta honek asko laguntzen du autoestimua sendotzen”.

Lamuza ikastetxeko irakaslea

Ikusi beste urte batzuk

ARTISTAK

Naia del Castillo

"Aurten, Birjinetxe ikastetxeko ikasleek proiektu artistiko bat landu dute hasieratik bukaerara. Haiek, beren irakasleak eta nik, hiruron artean, gai bat aukeratu dugu eta hari buruzko informazioa bildu eta aztertu dugu ondoren: animalia bibiparo eta obiparoen arteko aldea. Gure hausnarketa plastikoak hazteko moduei erreparatu die: amaren sabelean eta arrautzan. Irakasleen proiektu honetarako asmoa zen taldearen kohesioa hobetzea, baita norberaren eta besteen lanari buruzko begirune jarrera positiboa sustatzea ere.

Esperientzia hau garrantzitsua da ez soilik ikasleek curriculumeko gai bat ikasten dutelako, tresna eta material berriak erabiltzen ere ikasten baitute, baita ideia batean tematzen, beren ikuspegi pertsonala esploratzen, ebaluatzen, arriskuak hartzen, erratuz ikasten, taldean lan egiten, beren iritziak baloratzen eta arte garaikidearekin harremanetan jartzen ere".

Iñaki Gracenea

"Aurten, paisaiaren ideia askotariko ikuspegietatik landu dugu. Makrotik hasi eta mikrora. Ingurune hurbiletik urrundu gara inguratzen gaituen zabaltasuna ikusteko, eta gerturatu ñabardura txikiak ez galtzeko. Aire-ikuspegiak margotu ditugu eta harri txikiak batu ditugu. Biltzen eta inguratzen gaituenaren arrastoak dira, gure inguruneari begiratu eta ulertzeko modu berrietara hurbiltzeko modua eman diguten aztarnak, artearen bidez itzuli ditugun aztarnak. Oroitzapenak dira egun, zerbait gertatu den seinale, gure presentziarena, etengabe bilakatzen den paisaia bateko gure lorratzarena".

Ainhoa Ortells

"Aurten urtaroak ezagutzen ibili gara: euren ezaugarri nagusiak bereizi ditugu, batak eta besteak gure ingurunean gertarazten dituenak ikusi eta plasmatu ditugu eta geure burua ere, geure janzkera edota osagarriak ere zelan aldarazten dituzten ikertu dugu. Albokoarekin konparatzeak gainera, urtaroen ezaugarriei aurre egiterakoan baliabide ezberdinak badaudela jakitera eraman gaitu. Eta hau dena artea ikasbide izanda, eta 6-7 urteko 20 haurren eskuetan halakorik usteak dakarrenarekin…

Haurtzaro garaian irudimenak ez du mugarik izaten eta honen ondorioz oso interesgarri da beti haurrekin arte mundua ezagutzen eta ikertzen ibiltzea. Planifikazioak gutxirako balio du kasu hauetan eta askok hau seinale txartzat hartuko balute ere, sormen munduan aberasgarri izaten da oro har. Artistoi irudimena beti "jokoan" izatera garamatza honek, eraren batean haurren lekura eramaten gaitu, eta ondorioz sortze-jolas hau talde lan bihurtzen da nahita ezean; denok gaude maila berean, nagusiok edota irakasleak ere ikasteko lekuan edota aukeran baikaude".

Elssie Ansareo

"Ikasturte honetan, guztion gai komun bat landu dugu: sentimenduak. Zer sentsazio bizi ditugun esploratu dugu poz, beldur, sorpresa, tristura edo haserrearen bidez. Proiektuak jarraitu egiten du koloreak eta formak sentimenduekin lotzen ditugunean; era horretan, aukerak amaiezinak dira, beti gauza txiki-txikienetatik hasi, eta askotariko elementu guztiak elkartuta emozioek betetako baso bat osatu dugula ohartu arte; egunez egun hazi egiten da basoa, eta beti izango du aldatzeko modua, etengabeko bilakaeran baitago.

Gai horrek, giza kondizioak berezkoa duenez, nire lan artistikoaren zati handi bat hartzen du: elkarrekin sentimenduak bizitzeko eta adierazteko modu berriak deskubritzeak aberastu egiten nau eta, gainera, aukera ematen die parte-hartzaile guztiei pieza artistiko bat sortzeko. Hartara, guztiok ikasten dugu".

Maider López

"Jolastokian banatutako koloretako sei kaxa. Bat-batean, kaxetako bat mugitu da, ez nago seguru iruditu ote zaidan edo benetan mugitu ote den. Handik gutxira, kaxa laranjak jolastokia zeharkatzen du. Ezinezko gertaera da, eta irribarrea eragiten digu. Eskola-umeek, kaxetan sartuta, ikaskideek kanpotik ematen dizkieten jarraibideak segitzen dituzte.

Gogo biziz eta deskubrimenduz betetako urte bat izan da, baina autokritika egin behar banu, esango nuke gehiegi lan egin dugula. Deliberatu dut deskubritzea, entzutea eta hitz egitea lehenestea, egotea, eta gauzak gertatzeko espazioa uztea. Hala ere, ikasturtearen amaieran, programa segitzeko gogoak astintzen nau, lana beste edozeren gainetik lehenetsiz. Hori bai, Markel, Naia, Gorka, Meryem eta gainontzekoak: espero dut urtebetean zuen baitan hazi bat erein izana, ikasiko zenituztela koloreei, formei (eta espazioarekiko erlazioei), mugimenduei eta elkarrekin lan egiteko ahalmenei buruzko kontzeptuak”.

Jorge Rubio

"Zaila behar du ulertzeak nola existitzen eta existitu den pertsona bakoitza beste edonoren desberdina den eta izango den.

Nik ez dut ulertzen. Era berean, urte, ikasturte, gai, talde, marrazki eta lerro bakoitzak paregabe egiten dituen identitate bat dauka… Urte hau ezin zuen bestela izan: Sestaoko Kueto ikastetxe publikoan, esperientziak partekatu ditut hogeita hamar artistekin, eta horiek ez zuten antzik beste inorekin eta, beraz, paregabeak dira.

Aukera estetikoak, alfabeto adierazkorrak, irudikapen grafikoak, ingurunea behin atzemanda manipulatzea, horiek dira jokatzeko aukeratu ditugun kartak, horiek nahastu eta banatu ditugu. Hemen inork ez du galtzen, ezta jokoa gustuko ez duenak ere. Izan ere, besteek jokatu bitartean, berak partida ikus dezake eta, luze gabe, zuzenketak egiten ditu eta, azkenean, ulertu du jokoa. Orduan, tarte bat ikusita (beti dago baten bat), kartak eskatuko ditu berak ere jokatzeko. Egun horretan, jokatzerik izan ez badu, etxera joango da eta ikusitako jokaldien inguruan pentsatuko du, baita horiek nola joka zitezkeen... Kasu horietan soilik har daiteke ontzat ludopatia (artearen eroak jota).

Ikasturtean egindakoaren zati bat erakusten bada ere, egin ez duguna, egiteko dagoena, lanak egiterakoan sortu diren ideiak, bakoitzak sumatu dituen aukerak, etorriko direnak eta bizitakoari ikasle horiek emango dioten erabilera askoz ere garrantzitsuagoa izango dela uste dut. Arau batzuk, modu batzuk ikasi ditugu. Praktikan jarri baino ez dira egin behar; bakoitzak ikusiko du nola eta non. Nik ezin diot hori egiteari utzi, eta egunero gauza diferenteak ikusten ditut, eta egun asko daramatzat joko honetan jokatzen".

Ikusi beste urte batzuk

Babeslea

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.